Irakaskuntza funtzioko irakasleak miresten genuen maisu/maistra bat elkarrizketatu behar genuela esan bezain pronto lehen hezkuntzan nire irakasle eta tutore izan zen Iñaki elkarrizketatu behar nuela pentsatu nuen. Beraz, arratsalde horretan bertan lan egiten duen ikastolara abiatu nintzen, proposamena eskaintzeko ideiarekin. Iñakik nire proposamena entzuterakoan baietz esan zidan, zalantzarik gabe elkarrizketa egin ahal niola erantzun zidan, egia esan, ez nuen gutxiagorik espero.
Iñaki ikastolan bigarren zikloan egokitu zitzaidan irakaslea da, nire tutore izan zena. Nire bizitza osoan zehar izan dudan irakasleen artean onenetarikoa izan dela esan dezaket. Alde batetik bere klase emateko era berezia zen. Izan ere, ez zituen edukiak hala nola ematen. Gugan interesa pizteko ematen zituen, benetan interesgarriak zirela ikusteko, gugan jakinmina sortzeko. Honetaz gain oso irakasle gertua zen, oso maitekorra, beti zuelako irribarre edo aholku on bat. Gainera klasetik kanpo geneuzkan interesak sustatzen saiatzen zen, horren ondorioz askotan animatu ninduen ipuin-lehiaketetara aurkeztera, asko laguntzen zidan horrekin. Iñaki "hitza batean" definitu behar banuke, zera esango nuke: bere lana benetan maitatzen duen pertsona dela bera, eta nagusia naizenean bera bezalakoa izatea gustatuko litzaidakeela.
Gaur bertan egon naiz Iñakirekin. Elkarrizketarako lekua? Bere etxeko sofa erosoa, non, zuku eta hainbat gailetekin batera, bere bizitza, lanbide eta pentsamenduen inguruan egon gara hizketan. Solasaldi entretenitua izan da, dudarik gabe, gai guztiak jorratu ditugulako: teknologia berriak, hezkuntza berezia, bere ibilbidean zehar agertutako oztopoak, urte hauetan zehar bildu dituen oroitzapenak, etab. Etxetik eraman ditudan galderek Iñakik bere pentsamenduko ateak irekitzera lagundu didate. Izan ere, 30 urtez lanean ibili den irakasle hau lotsatia izan daiteke hasieran, baina behin eroso sentitzean erabat irekitzen da.
Izan dugun elkarrizketaren ondorioz lehenagotik banekiena ziurtatu dut, Iñaki gehien miresten dudan irakaslea dela. Ez dakit zergatik, agian bere lanarekiko sentitzen duen maitasun eta grina da, edo pertsonak tratatzen dituen era, edo bere pausuak eta bidea jarraitu nahi duzula jakiteko duen boterea… Ez dakit zer den, baina gauza bat daukat argi, haztean, bera bezalakoa izan nahi dut, bera izan delako nire oinarria irakasle izan nahi dudala erabakitzeko. Eta etorkizunean bere ahotik nitaz harro dagoela entzutea espero dut.